XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erreportaia

BUTROIKO KASTILOA

Maiatzaren 7an zabaldu aken publikoaren bisitei makina bat urtez itxita egondako ateak.

Bost urte pasa dira Estudios Arriaga, S.A.-k erosi eunetik eta bi hilabeteotan, urte biko garbiketak eta beste hiruko atontze beharrak egin ostean, 25 mila lagunetik gorako bisitari izan deituz.

Hurrengo Santa Mariñen izango dozue historia ez diren beste jakingarrien barri.

Gaur, 600 urte atzeragotik arrankatuko dogu.

Historia de Vizcaya-n Iturrizak dinonez, Gaminiz kapitanak altxa aun Butroitarren lehenengo etxea.

VIII. mendean izan ei zan Gantzurritz mendian, Plentzia eta Gatika artean, gaur Kastiloa dagoen lekutik kilometro ta erdira, datuokaz danak konforme ez badatoz bere.

Juan Perez izan zan Butroiko lehenengo Jauna.

Don Diego Lopez de Haroren familiarteko honek Butroin egin gura izan aun beran etxea XIII. mende erdian edo.

Sasoiok nahiko ilunak izan ziren, gerrak, izurriteak eta etxe barruko ulertu ezinengaitik.

Oinaztar eta ganboatarren pelea denporak ziren.

Bizkaiko Muxika, Gatika, Butroi, Urduliz, Barrika, Sopela, Berango, Getxo, Erandio, Deustu eta Bilboko parte handi bat ziren oinaztar; Arratia eta Bedia aldeak ganboatar.

1250. urte aldera sortu ei zan Butroi.

Iturrizak dinonez, hasierako ehun bat urtetan oinaztarrakaz batuta doa Butroitarena.

1350. urte ingeruran, Gonzalo Gomez Zaharrak hartzen dau Butroi eta berak altxaten dau Torrea, gaur Kastiloa dagoen lekuan.

Defentsarako leku itzelean egin zan eta kontu atara eizue 4,70 metroko zabaleradun hormakaz zelango bataila leku izango zan.

Noblezia mailan, Torre honen ospeagaitik edo, Gonzalo honek gora egin aun eta Muxikako Jaunaren alabagaz ezkondu zan, Maria Alfonso Muxikakogaz, garbi esanda.

Holan, Bizkaiko familia ahaltsuena egin zan Butroikoa, Abadino, Billela eta Arteagako Jaunak jarraituko ba auden bere beraren areriorik handienak izaten.

XV. medean dira Banderizoen gerren unerik latzenak, ta orduan hartzen dau Butroiko kastiloak goia.

Jaun handion ingeruan itzelezko jai eta banketeak ezeze, krudelkeriarik gorrienak bere emoten ziren: 1444.ean, esate baterako, Butroiko Jaunak berak ebagi eutson samea Ganboatarren buru zan Martin Santxez Arbolantzakoari eta ganera jai bategaz ospatu gero.

Banderizoen Gerrakaz batera amaitzen da baia, Kastilo honen sasoirik gorena.

Defentsarako zan leku honek galdu egiten dau beran izateko arrazoia eta Butroitarrek Plentzian egiten deurez jauregi edo palazio barriak bertan bizitzeko.

Ordurik aurrera, gure ingeruotako bizimodu trankila baino maiteago izango deure Butroiko jabeek Madrileko Korteko saltsa.

Hango errege ta nobleziaren artean ibili ostean, laster hartzen deituez itzelezko tituluak: Butroieta Muxikako Alonso Idiakez Jaunak kasureko, Ciudad Realeko I. Dukea, Aramaiona, Barrika eta Biandrinako Kondea, San Damiango Markesa, Nafarroako Erregeordea, Ejerzituetako Kapitan Generala, Milango Kapitain eta Maestre Generala, Gerra Kontseilukide eta Leoiko Komendadore Nagusia izatera heldu zan.